XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LENEN GARAIKO KARGAJASOTZAILLEAK

Ba-dek indarra Euskal Erri`an.

Esaera bat da.

Ez du iñor iraintzen.

Geurok baiezten dugunean ere, etzaigu jalkitzen arrokeriak eraginik.

Eta atzerritarrek beraiek ezagutu ta goraipatzen baldin ba`dute, ez da gezurra izango.

Dana dala, gauza bat dakigu ziur.

Euskaldunori txit atsegin zaigula soiñeko kemenak erakutsi ta erabiltzeaz jolastea.

Batez ere, antziñako euskalduneri buruz egin dezakegun baiezpena da.

Iñori gaitz egitearren erabiltzen dan indarra, bereala biurtzen da indarkeri.

Nork-bere burua zaildu ta lagunak alaitzearren erabil dezaken indarrak, ostera, mirespena sortarazten du.

Zentzu onelako indarrarekiko mirespen berezi bat betidanik azaldu dugu euskaldunok.

Esaterako, barneko poztasun eta alaitasuna amaika eratara adieraz daiteke.

Eta gure artean ez da batere oi-eza osasunezko keiñu baten bidez erakustea.

Gerta daiteke urren daukagun lagunari laztan bero ta oldarkor bat eskeiñiaz agertzea.

Edo-ta, eskuetan arturik aideruntz altzatuz....

Eta zergatik ez egin urren dagokigun zama bat bizkarreratuz?.

Ortarako alai, osasuntsu edo sasoiko aurkitzea beste arrazoirik ez du bear euskaldunak.

Eta gaiñera, lana bearrez bakarrik egitea ez dagokigu.

Jolastuz ere izardia atera daiteke, eta osasungarria da noski.

Oraiñaldian ba-ditugu eskuera milla eratako jolasbideak.

Danak ez dira ain jatorrak.

Iñundik sartu zaizkigunak larregi.

Ezinbestezkoa da.

Sasoi batean, ala ere, zenbatez bakartiago bizi ziran gure arbasoak.

Eta jolasbide jatorrik asmatu zuten.

Baita jokoera bikaiñik ere.

Irabazpideaz zer-ikusirik zutenak, noski, beraietako batzuk.

Naitakoak beste zenbaitzuk.

Baten jolasgura, biren arteko leitasuna ta... askoren zaletasuna.

Onen sasoia, aren kemena... Nor gaillenena?.

Lurrak erakarri egiten ditu gauzak.

Onela ez baldin balitz, gauzak ez lukete aztarik izango.

Gauzak bereganatzeko lurraren indarra ez al da aien zama?.

Eta nekea daragio gure soiñari zama onen aurka egiten dugun indarkak.

Batzueri geiago; gutxixeago beste batzueri.

Aietakoak dira aulenak; auetakoak indartsuenak.

Nor ote danetan yayoena?.

Or lurrean zama, lurrari kendurik egizta itzak eure indarrak!.

Txalo berorik eskeiñiko zitzaion, noski, erriko enparantzan azta aundiko berun koskor, ingude beltz edo beste edozein tajuko zama astun bat jaso zuan lenen euskaldunari.

Orrezkero, an eta emengo enparantzetan antzeko indar erakusketak egiten zituztenen arteko leitasuna zuzpertuko zan, egunetik egunera nabariago izatera iritxiko bait-zan.

Eta zenbait gaitz edo usain gozoa bezain kutsakorra da leitasuna.

Areago, berriz, jokurako griña.

Laister zirakean indartsuon inguruko ikusle ta miresleak taldetan banaturik.

Zenbat zamajasotzaille, ainbeste jarraitzaille multzo.

Nor-baiño-nor leiatsuago bere kolkoko indartsuari eragiten: Oraintxe jo, motell, amak berriz ere egingo dik-eta umea...!.